Eduki publikatzailea

Salud mental en las organizaciones_eu

03 ots. 2025

Egilea

Inigo Calcedo

Lan Psikologoa. LAP teknikaria.

Antsietatea, estresa eta depresioa lesio fisiko larri bat bezain ezgaitzaileak izan daitezke. Halere, halako patologiak dituzten pertsonen artean, erdiak baino gutxiagok bilatzen du laguntza.

Zer egin dezakete gerenteek eta zuzendariek?

Erakundearen tamaina edozein dela ere, egunez egun langileekin egoten diren gerenteek eta zuzendariek funtsezko zeregina betetzen dute psikologikoki osasuntsua den langunea sortzeari dagokionez. Informazio pertsonala eskura dezakete, beren portaera beha dezakete eta beren lan-inguruan eragiteko baliabideak dituzte.

Lidergoa da osasun-piramide baten oinarria. Lidergo eraginkorrak langileen morala, erresistentzia eta konfiantza areagotzea, frustrazioa eta gatazka murriztea, eta gaixotasunaren eta absentismoaren ondoriozko bajak gutxitzea dakar.

Osasun mentala lehentasun gisa ikusten ez bada ere (orain), gerenteek eta zuzendariek gauza asko egin ditzakete beren langunea hobetzeko.

1. Areagotu osasun mentalari buruzko zure ezagutza, eta jakin zer baliabide dauden erabilgarri.

Antsietatearen, estresaren eta depresioaren moduko eritasunen zantzuak eta sintomak zein diren jakitea lagungarri izango zaizu osasun mentaleko arazoa duen norbait bizitzen ari dena ulertzeko, eta zure lantaldeko inor halako zailtasunak bizitzen ari ote den identifikatzeko. Horrek, era berean, laguntza egokiak eskatzen lagunduko du bera, enpresaren barnean (Osasunaren Zaintza) edo kanpoan (Langileari Laguntzeko Programak).

2. Hezi zure langileak languneko osasun mentalaren inguruan.

Zure langileak osasun mentaleko gaietan hezi eta gaitzeak informazioa eta tresnak eskaintzen dizkie zailtasunak izaten hasi ote diren hobeto ulertzeko, eta beren adiskideak, lagunak edo senitartekoak ere zailtasunak izaten hasi ote diren jakiteari begira adi egoteko.

Gainera, norbaitekin kezkatuta daudenean, harengana inguratzeko trebetasunak eta konfiantza eman dakizkieke. Heziketak eta gaikuntzak languneko osasun mentalaren inguruko estigma murrizten laguntzen dute. Horrela, langileek hitz egin eta laguntza goiztiarra bilatzeko aukera gehiago dago, sintomak gehiegi larriagotu baino lehenago.

3. Hitz egin modu irekian languneko osasun mentalari buruz, eta adoretu besteak berdina egitera.

Ongizateari buruz hitz egiteak gaia normalizatu eta estigma murrizten laguntzen du. Osasun mentalari buruzko esperientzia pertsonalak partekatzea erabakigarria izan daiteke pertsonak eroso sentitzeko laneko giro bat sortzeari begira, beharrezkoa izanez gero, laguntza bilatuz.

4. Eskaini laguntza zailtasun psikologikoak dituzten lankideei.

Langileek lidergoa, orientazioa eta laguntza bilatzen dute gerenteengan eta zuzendariengan. Lider baten laguntza bereziki garrantzitsua da une zail bat bizitzen ari den norbaitentzat, eta lanpostua uztearen edo bertan irautearen arteko aldea izan daiteke. Erantzukizun handia dela irudi lezake, baina ez da beharrezkoa osasun mentalean aditua izatea ulertu eta laguntza eskaintzeko.

Norbaiti laguntza eskaintzeak, lanean gera dadin, hainbat onura ditu, bai pertsonarentzat, eta baita enpresarentzat ere. Laguntza horren barnean egon daitezke lan-ordutegi malguak eskaintzea, lan karga doitzea edo orientazio eta laguntza gehigarriak ematea.

5. Komunika zaitez maiztasunez lantaldearekin.

Zure langileekin maiztasunez komunikatzea, eta iritziak eman eta aipamenak egin ditzaketela ziurtatzea, lagungarri da konfiantza sortu eta lantaldeak konprometituta jarraitzeko. Garrantzitsua da funtsezko helburuak eta garapenak argitasunez transmititzea, baina baita lantaldearen zailtasunak eta lorpenak ere.

Hobe da gai garrantzitsuak aurrez aurre komunikatzea, eztabaida irekiak sortu eta kezkak berehala plantea daitezela bermatzeko. Horren garrantzitsuak ez diren mezuetarako, aski izan daiteke buletinarekin edo posta elektroniko batekin.

Gogoan izan komunikazio eraginkorrean, entzuteak garrantzi handia duela. Ziurtatu zure lantaldeak izan dezakeen edozein aipamen entzuten duzula, eta kontuan izan.

6. Sustatu errespetuzko portaera eta komunikazioa.

Funtsezkoa da langile guztiek uneoro elkar errespetatu eta entzuteko iguripena finkatzea, eta zuk, lider modura, egunez egun portaera hori doitzea. Horrek esanahi du, litekeena dela zure lantaldea hainbat gairen inguruan hezi behar izatea, esate baterako, intimidazioan eta jazarpenean, portaera egokien eta desegokien arteko aldea ulertu ahal izan dezaten.

7. Hobetu lanaren diseinua faktore psikosozialak kudeatzean.

Gerente edo zuzendari gisa, gauza asko egin ditzakezu erakundean eta zure lantaldean faktore psikosozialak jorratzeko, adibidez:

  • Aldizka lan kargak, epeak eta baliabideak berrikustea.
  • Pertsonei baliabideak eta gaitasunak ematea, beren zeregina konfiantzaz eta konpetentziaz burutu dezaten.
  • Langileek rolak zehaztuta eta iguripenak argi dituztela bermatzea.

8. Erakutsi lan-aztura osasuntsuak.

Lidergoa eredua emanez gauzatzea funtsezkoa da. Horren barnean sartzen da lanaren eta bizitza pertsonalaren artean oreka erakustea. Horretarako, beharrezkoa izan daiteke atsedenak modu erregularrean hartzea, lan-ordutegitik kanpo laneko posta elektronikoak eta deiak ekiditea, eta dagokion orduan irtetea. Adoretu zure lantaldea berdina egitera.

Ez ahaztu liderra izatea, azken finean, lan oso zorrotza eta desafiatzailea dela, eta zenbaitetan isolatzailea. Beraz, ziurtatu zure burua zaintzeko denbora-tartea hartzen duzula. Zure erakundeak Langilea Laguntzeko Programa (LLP) baldin badu, erabili bolada estresagarrietan edo zalantzazkoetan, edo bilatu konfiantza eta errespetua sorrarazten dizuten adiskideen laguntza.

9. Egin lan zure lantaldearekin plan bat garatzeko

Garatu zure lantaldearekin plan bat psikologikoki osasuntsuagoa den langune bat sortzeko. Egin lan arreta behar duten lehentasunezko eremuak identifikatzeko, eta adostu zure lantaldearekin helburuak erdiesteko txerta daitezkeen ekintzak.

10. Izan eraginkorra zure erakundean.

Hitz egin goi mailako adiskide eta liderrekin, eta adoretu osasun mentala langunean lehentasuna izan dadin.


 

 

Osasun mentaleko arazoak ohikoak dira, eta ez dute diskriminatzen: are, erresistentzia handiena duen pertsona ere, uneren batean laneko estresak edo bizitzako beste inguruabar batzuek gaindituta egon daiteke.

Zure erakundea errealitate horri aurre egiteko prestatzea funtsezkoa izan daiteke. Ongizate mentalari buruz osasun fisikoari buruz hitz egingo zenukeen moduan hitz egitea abiapuntu egokia da.

Eduki publikatzailea