Eduki publikatzailea

La importancia de tu microbiota intestinal_eu

15 urt. 2025

Egilea

Maitane Izaguirre

Biokimikari klinikoa

Gure gorputza bilioika mikroorganismok kolonizatuta dago. Ia gorputz guztian barna daude banatuta (larruazala, aho-barrunbea, nasofaringea, urdaila, hesteak...), eta 1,5 kg-ko pisua hartzera iristen dira. Datua ikusita, norbaitek pentsatuko du horietaz libratzea hainbeste buruhauste ematen digun bikini-operazioa hasteko modu ona izan litekeela...Haatik, jarraian egiaztatuko duzuenez, ikusezinak izan arren, funtsezkoak dira gure osasunerako.

Zer da mikrobiota? Zer egiten du gure alde?

Giza gorputza kolonizatzen duten mikroorganismo gehienak bakteriak dira, eta kolona da beren leku kuttuna. Halere, birusak, onddoak eta beste zelula eukarioto batzuk ere haiekin batera bizi dira. Horiek guztiek eraikitzen dute mikrobiota, eta horien geneak mikrobioma gisa ezagutzen dira.

Beren funtzio nagusien artean elikagaien digestioan eta gaixotasunen aurkako babesean laguntzen dutela azpimarratu behar da, izan ere, mikroorganismo patogenoak haien eremuan sartzea ekiditen dute. Haatik, teknika genetikoetan izan diren aurrerapenek iraultza ekarri dute giza mikrobiomaren gaineko ezagutzan, eta berriki egindako ikerketek erakusten dutenez, hesteetako mikrobiotan desoreka izatea, disbiosi modura ezagutzen dena, hainbat gaixotasunekin lotuta egon daiteke, esate baterako:

Obesitatea eta Diabetesa: Koipe eta azukre askoko dieten kontsumoak modu nabarian eragiten du hesteetako mikrobiotaren osaeran, elikagaien energiaren biltegiratzean aldaketak sorraraziz. Heste-floraren eta obesitatearen garapenaren arteko lotura germ-free saguei (hestea antzua dute) biki obeso edo argalen mikrobiota inokulatu eta saguek emaileen ezaugarri berak hartzen zituztela ikusi zutenean sortu zen (biki obesoaren mikrobiota jaso zuten saguek pisua hartu zuten, biki argalen mikrobiota jaso zutenek ez bezala).

Alergiak: Mikrobiotak gure organismoaren erantzun immunea molda dezake. Beraz, hainbat ikerketak erakutsi duenez, hesteetako mikrobiotaren desoreka bat dagoenean, mukosaren tolerantzia immunea ere aldatu egiten da, eta horren ondorioz hainbat gaixotasun eratortzen dira, esate baterako, asma edo elikadura-alergiak.

Gaixotasun kardiobaskularrak: Ikusi denez, hesteetako mikrobiotatik datozen metabolitoek, esate baterako, trimetilamina N-oxidoak, (TMAO),  funtsezko zeregina betetzen dute arrisku kardiobaskularraren  aurrerapenean, izan ere, miokardio-infartua eta istripu zerebrobaskularrak izateko arriskua areagotu egiten da.

Hesteetako nahasmenduak:Frogatu denez, Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna hesteetako disbiosiarekin lotuta daude, genetikoki horretarako aukerak dituzten subjektuetan. Crohn-en gaixotasunean, zehazki, Faecalibacterium prausnitzii kopurua txikiagoa da (hanturaren aurkako propietateekin), eta proteobakteria gehiegi dago.

Koloneko minbizia: Ebidentzia batzuen arabera, Fusobacterium bakteriak koloneko minbiziaren garapenean inplikatuta daude. Bakteria horren hazkundeak desoreka sorrarazten du hesteetako mikrobiotan, eta horren ondorioz, tumore-zelulak hazi eta hedatzen dira.

Neuroendekapenezko gaixotasunak: Garuna-nerbio sistema eta mikrobiotaren arteko bi norabideko komunikazioa aski ezaguna da. Esperimentuetako  batean, non, berriz ere germ-gree saguak erabili  baitziren, animalia horien mikroglia ez zela behar bezala heltzen egiaztatu zen, eta gainera saguen portaeran aldaketak ematen ziren.

Zergatik gertatzen da disbiosi bat?

Disbiosiaren arrazoiak anitzak izan daitezke, baina haurren gehiegizko higienea eta antibiotikoak goizegi hartzea dira garrantzitsuenak. Halere, zesareaz jaiotzea, amaren edoskitzerik eza eta zuntz urriko dieta ere mikrobiotaren desorekarekin lotzen dira.

Badago tratamendurik?

Gaur egun, sinbiosi egokia berreskuratzea ahalbidetzeko hainbat alternatiba ari dira ikertzen.

  • Prebiotiko ugariko dieta: prebiotikoak bakteria onuragarrien hazkundea estimulatzen duten zuntz begetal mota bat dira.
  • Probiotikoak: Mikroorganismo biziak dira, idorreriaren prebentzioan eta tratamenduan eraginkorrak izan daitezkeenak, eta baita heste narritakorraren sindromearen modu batzuetan ere.
  • Mikrobiota feklaren transplantea (TMF): Frogatu denez, oso eraginkorra da Clostridium difficile bakteriak eragindako kolitisaren tratamenduan.

 

Ondoriozta daitekeen eran, gure hesteetan dagoen ekosistema duela denbora batera arte uste genuena baino konplexuagoa da. Egia da medikuntzaren esparru hau, oraindik, atariko faseetan dagoela, baina orain arte lortutako emaitzekin, etorkizunean osasunerako ekar ditzakeen onurak oso oparoak izan daitezkeela dirudi. Post hau irakurri ondotik...Zure ustez merezi al du guregan bizi diren mikroorganismoen kilo eta erdi hori mantentzea?

 

 

Eduki publikatzailea