Adimen Artifiziala ez da Faktore Psikosozial bat. Zer ebaluatu behar dugu benetan?
Adimen artifiziala azkar ari da txertatzen lan-jarduera askotan. Eta edozein aldaketa teknologikok bezala, lan egiteko modua eralda dezake.
Alde batetik, lan-karga murrizten, ikaskuntza errazten eta autonomia handitzen lagun dezake; baina, bestetik, lan-erritmoa areagotu, berrikuspen-lan berriak sortu edo erabakiak hartzeko gaitasuna murriztu dezake. Era berean, pertsonen arteko koordinazioa eta laguntza hobetu ditzake, edo, kontrara, harremanak zaildu eta eginkizun eta erantzukizunen inguruko zalantzak sortu.
AAren ezarpenak hainbat faktore psikosozialetan eragina izan dezake, bai modu positiboan bai negatiboan. Hala ere, prebentzioaren ikuspegitik, adimen artifiziala ez da berez ebaluatu beharreko faktore psikosozial bat.
Arrisku psikosozialen ebaluazioa antolaketa-faktoreetan oinarritzen da, hala nola lan-kargan eta erritmoan, autonomian, lidergoan, garapen profesionalean edo rolaren argitasunean, besteak beste. Arriskuen ebaluazioan emaitza desegokiak agertzen badira, ondorengo analisiak horien arrazoiak zehaztu beharko ditu. Baliteke arrazoi horietako bat adimen artifiziala ezarri edo erabiltzeko modua izatea.
Beraz, kontua ez da AA ebaluatzea, baizik eta hura sartu ondoren nola lan egiten den ebaluatzea. Izan ere, tresna berak lan-karga arindu edo handitu dezake, autonomia indartu edo mugatu, laguntza hobetu edo ahuldu. Prebentzioak teknologiatik harago begiratu behar du, eta haren ezarpenak pertsonengan eta lanaren antolaketan duen eragina aztertu.
Azken batean, adimen artifiziala ez da berez faktore psikosozial bat, baizik eta hainbat faktore psikosozialen konfigurazioa onerako edo txarrerako alda dezakeen tresna bat. Lehen ordenagailuek, internetak edo telefono mugikorrek egin zuten bezala.
Eta teknologiari bakarrik begiratu beharrean, lana nola antolatzen ari garen ere aztertuko bagenu?